Zoratzen naizela

Hasi da, hemen dugu jadanik Rock and Rolla eta zoratzen ari naizela esan daiteke. Denboraldi hastapeneko lehen pedalkadak ematen ari dira munduaren beste puntan. Australia izan ohi da ziklismozaleontzako aurreneko hitzordua. Gogotsu hartzen dugu aussien lasterketa, garai batean ez bezala. Nola aldatzen diren gauzak, kamarada.

Duela urte batzuk ez genion inongo jaramonik egiten eta egun, esnatu, ohetik altxatu eta irrikan izaten gara etapa nork irabazi duen jakiteko. Hego hemisferioan uda betean dira; hemen, berriz, neguan. Kanpoko hotzari aurre egiteko, tabernaren batean salda badago irakurtzeko esperantzarekin izaten gara. Egunetik egunera lasterketa bat antolatzea zaila dela dakusagun une honetan, sarri pentsatu dut hau dena aldatu nahi nukeela. Ispiluaren aurrean jarri eta euskal ziklismoa non dagoen eta nora doan aztertu beharko genukeela. Historian zehar poztasun handiak eman dizkigu; une etengabeak izan dira. Orain, ordea, irauten ari dela deritzot. Goi mailan hamabi euskal ziklista edota Euskaltel-Euskadi, Caja Rural eta Kern Pharma bigarren mailan ditugun arren, etorkizun hurbila bederen, ez da oparoa ikusten. Gure izarren dir-dirrei ez zaie askorik geratzen, gehienek 30 urteak igarota dituztelako. Horiek erretreta hartzean, urte batzuetan komeriak izango ditu euskal ziklismoak mundu mailan onenekin mokoka aritzeko. Zerbaiten beharra dauka, epe luzerako plangintza bat. Danimarkako eta Norvegiako kasuak datozkit burura. Harrobia ezin hobeto landu dute eta emeki-emeki uzta jasotzen joan dira, azken urtean goia jo arte. Inguru hotz haietan, era guztietako ziklistak zaildu dira: esprinterrak, klasikomanoak, igotzaileak... Lan paregabe baten ostean emaitzak jaso eta iazko Tourraren hasierak eta amaierak bat egin zuten hazkundearekin. Eskutik oratuta, tontorrera heldu dira. Hemen, ordea, ustea dut batzuek etxea teilatutik hasi dutela, oinarria aintzat hartu gabe. Tourra igaroko da, eta gero, zer? Baikorra izan gura dut, ez dago ilusio faltsurik. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!