Udazken koloreak

Urtarorik ederrena, askorentzat; basoak kolore dotorez jantzita dauden unea. Ziklismoan, hausnarketak egiteko tenorea izaten da; hanka-sartzeetatik irakaspena ateratzeko garaia.

2022ko denboraldi amaitu berrian bi izen azpimarratuko nituzke: Pello Bilbao eta Remco Evenepoel. Gernikarra (ardo ona lez), urteetan gora doan heinean, hobera egiten ari da. Oraindik badirudi ez duela langarik jo, abantzu doa etenik gabe. 32 urterekin burutu duen sasoia txapela kentzekoa izan da. 67 lasterketa egunetan hiru aldiz amaitu du podiumean: hirugarren UAEko eta Poloniako Tourrean, eta bigarren Alemaniakoan. Itzulia eta Strade Bianche bosgarren bukatu ditu, baita Italiako Giroa ere. Alpeetako Tourrean, ostera, laugarren egin zuen eta Tirreno-Adriatikon bederatzigarren. Hori guztia ez ezik, hiru etapa garaipen ere eskuratu ditu: Itzulian, eta Alpeetako zein Alemaniako Tourrean. Isilean sartu da World Tourraren elitean, harrabots handiegirik gabe, zentzuz jokatuz; zentzuduna da-eta, bai hitzez, bai moldez. Goitik beherako ziklista baita pertsona ere. Aitzitik, Remco Evenepoel bestelako ziklista da. 22 urteko gaztea, sarri harrokeriaz apaintzen ditu bere garaipenak. Agian, futbolkeri larregi bizikleta gainean aritzeko; keinu itsusiak. Kontuak kontu, flandriarrak dohain ikaragarriak ditu kirolean aritzeko. Futbolean, Anderlecht, PSV eta Belgikako 16 urtez azpiko selekzioan aritutakoa, baloia utzi eta lasterka egiteari ekin zion, ondoren pedalei eragiteko. Junior mailan hankapean erabili zituen aurkariak; nahieran irabazten zuen. 19 urterekin elitera igaro eta 2020an Lonbardiako  Giroan izandako eroriak bere etorkizuna kinka larrian jarri zuen. Lan eskerga egin ostean, egin dezakeenaren berri eman du denboraldi hondarrean: Donostiako Klasikoa, Vuelta eta Munduko txapelketa bereganatu ditu erakustaldi bikainekin. Nerabezaroan bullyinga sufritu eta gaizki pasa zuen. Orain ur-aparretan ari da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!