Munduko lasterketarik handiena jokoan da eta Danimarkan ikusitako irudiek harrituta utzi naute. Errepide bazterrak jendez mukuru izan dira, etxeak dotore atonduta eta belardietan jarritako apaingarriak zoragarriak. Aspaldian ikusitako jende uholde handiena izan dela iruditzen zait; 2014an Ingalaterrako Yorkshire konderrian jazotakoa gogorarazi dit. Kirol arloari dagokionez, azken urteetan bereganatu nauen Roglicek irabaztea nahiko nuke, kirolari handia izateaz gain, beti kiroltasunez jokatu duelako. Jakitun naiz bere herrikide Pogacar historia egiteko bidean dela eta gaur-gaurkoz, buruz-buruko lehian aurkaririk ez duela. Bere oldarkortasuna gogoko dut, ezagutu nuenean bere umiltasunak harritu ninduen, baita bere naturaltasunak ere. Baina zer esango dizuet, eski-jauzilari ohiak konkistatu egin nau azken urteetan. Hozkailu bat izatetik, pertsona umoretsu, irrifartsu eta sentimenduak azalerazten dituen pertsona izatera igaro da. Bere xalotasunak erakarri nau, jasotako kolpe latzen ostean erakutsitako indar psikiko eta fisikoak txundituta utzi naute. Nik uste, zale batek baino gehiagok desio berbera izango duela. Ikusiko dugu nor igoko den Pariseko podiumeko koskarik gorenera, maillot hori preziatua soinean duela. Anartean, goza dezagun bideaz, belaunaldi paregabea iritsi baita pelotoira. Batzuek bertatik bertara ikusteko aukera izango dute. Nik neuk Pirinioetan biziko dut onenen arteko lehia; lanak eta zaletasunak bat egingo dute. Esaera zaharrak dioen moduan, “gustuko bidean, aldaparik ez”. Gozatu udaz eta abestu, “ …Marianaon, jendea alai…Marianaon, haurrak putzuetan blai…”