De Ronde Van Vlaanderen

Udaberria eta ziklismoa uztarri bereko idiak direla iruditzen zait. Txirrindularitza bete-betean bizitzeko unea. Egun bateko klasikoek distira emango diote urtaro ederrenari. Kale edo bale; ez dago bigarren aukerarik. Milano-San Remo, Amstel Gold Race, Fleche Wallone, Liege-Bastogne-Liege, Paris-Roubaix eta Ronde van Vlaanderen.

Flandriarren egunik handiena da apirileko lehen domeka; ia urte osoa ematen dute hitzordu horren zain. Garagardo eta saltxitxa artean, Oudenaardera eramaten duten errepide bazterrak zalez mukuru izaten dira. Jai egun bat da eurentzat. 1913an sortu, eta lehen mundu gerran bakarrik geratu zen egin gabe. Bigarren mundu gerran, ordea, Alemanian antolatu zuten klasikoa. 1977koa ekitaldi ospetsua izan zen. Elurpean Freddy Maertens, De Vlaeminck eta Merckx izan ziren protagonistak. Lehen biak flandriarrak, eta hirugarrena jaiotzez flandriarra baina frantziartutakoa. Merckxek nahiz eta flandriera ama hizkuntza izan,  frantsesaren aldeko hautua egin zuen. Hori ez zioten barkatu eta ondorioz, ziklista askok ezin zuten ikusi. Maertensek gorroto zuen. Urte horretako klasikoan, Merckx buruan zen eta atzetik Maertens eta De Vlaeminck zihoazen. Freddyk bizikleta aldatu eta epaileek kanporatu egin zuten; baina lasterketan jarrai zezakeela esan zioten. De Vlaemincek hori entzun eta aitaren batean proposamena egin zion: gogor tira zezala, bestela hainbeste gorrotatzen zuen ziklistak irabaziko zuela. Trukean, dirua emango ziola. Lan izugarria eginda, Koopenbergen gora harrapatu zuten kanibala. Ezinean gelditu zen Merckx. Maertensek otzan lan egin eta De Vlaeminckek ez zuen arazorik izan bere bosgarren monumentua irabazteko. Zaleak sutan ziren iruzurra egon zelakoan; epaileek Maertensi berriz onartuta zegoela esan zioten. Bere onetik aterata mehatxuka hasi zen eta atzera egin zuten epaileek. Oudenaardeko museoan, Freddy Maertensen izena ageri da 1977ko Flandriako garaile moral bezala. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!