Neroni gertatu izan zait. Bizikletan kilometro batzuk egitera errepidera atera, profesional batekin hiru aldiz gurutzatu, norberak diosala egin aldi oro, eta, trukean, erantzunik jaso ez. Amorrua eta etsipena sentitu nituen. Oraindik ez dakit profesional baten burutik zer pasatzen den zikloturista bat ez agurtzeko; berak jakingo du zer egiten duen. Diosala bai, errepideko denboraldi berriari egingo diot. Valentzian eta Mallorcan egin dituzte ziklistek aurreneko kilometroak, nagia kentzen hasteko lehen bi lasterketetan. Gustura egingo diet diosala Euskal Herriko Itzuliari eta Emakumeen Itzuliari ere. Iaz gizonezkoen lasterketan, sasoi osoko unerik kitzikagarrienak bizi zirela uste dut, munduko onenak mokoka. Tourreko lehen asteko saioekin batera, 2021eko gogoangarriena. Aurten, erdiarekin konformatuko nintzateke, baina ez dago argi Pogaçarrek parte hartuko duen ala ez. Denboraldiko azken zatian, Espainiako Vuelta EAEko hiru herrialdeetara iritsiko da; agintariek bultzatutako ekitaldi erraldoien aldeko apustua. Auzokideek gustua hartu diote Hego Euskal Herriko lau herrialdeetara etortzeari; aukeran, maiztasun larregirekin. Baina erraldoien artean erraldoiena 2023an helduko da. Frantziako Tourraren hasiera izango da Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Lapurdin. Aginte makila hartuta dutenen aspaldiko apeta egia bihurtuko da. Hamabi milioi euro xahutuko dira hiru eguneko ekitaldi batean. Jendea trumilka hurbilduko da, telebista erakusleiho paregabea izango omen da gure herriaren zati bat munduratzeko baina barkaidazue, nago ni, garaiotan beste lehentasun batzuk badaudela, osasungintza eta hezkuntza kasu. Ziklismoan, berriz, gustura egingo nieke diosal herrietako elkarteek garai batean antolatutako lasterketei.