Zantzuak!

Arazo baten larritasunaren berri eman diezaguke; artatu beharreko eritasuna edo mina. Azken urteetan areagotzen ari den sintoma bat hedatzen ari da ziklista gazte eta ez hain gazteen artean. Inoiz idatzi eta hitz egin dut gai honen inguruan, baina egun hauetan entzun eta irakurri ditudanek egonezina sortu didate.

Ziklismoa kirol ederra eta pasioz beterikoa da. Norbere buruarekin bat egiteko aukera ematen du, baita gogobete ere. Elitean, aldiz, beste aldagai batzuek hartu dute indarra. Pairatzen duten bizimodua jasangaitza egiten zaie profesional izatearen ametsa bete nahi duten askori. Iaz Tom Dumoulinek kito esan zuen; aurten beste maila eta helburu batzuekin itzuli den arren. Fabio Aru sardiniarrak 31 urterekin bizikleta eskegitzea erabaki du, gaur egun mirabe izatea eskatzen duelako. Egonaldi luzeak, nutrizioak hartu duen aparteko garrantzia, dena neurtu behar horrek ito egin duela dio. Goi mailan urte dezente egin duenari hori entzutea logikoa da; ez hainbeste, ordea, gazte bati. 17 urterekin Marius Knightek txirrindularitza uztea erabaki zuen udaberrian. Pisuaren diktaduraren ondorioz, bulimia zuela onartu zuen. Bazkalostean, berehala botaka egitera komunera joaten zela esan zuen. Theo Nonnez frantziarrak ere laga du, 21 urterekin. Etorkizun oparoa zeukan ziklistak ezin izan du gehiago; ziklismoa amesgaizto bihurtu dela esatera heldu da, hiperprofesionalismoaren aroa dela azpimarratuta. Fisikoki eta psikologikoki lehertuta amaitu du. Euskal Herrian ere izan dira sasoi bukaera honetan agurtu diren txirrindulariak. Mikel Alonsok 25 urterekin, Jon Irisarrik 26 urterekin eta Xabier Muriasek 22rekin hartu dute erabaki gogor hori. Deigarria hiruren adina. Bizitza begi aurretik pasatzen eta zerbait galtzen ari diren sentipenarekin eman dute azken denboraldia. Aske sentitzen omen dira orain. Larregizko profesionaltasuna, gehiegizko kontrola; pertsonak bainoago robotak. Hausnarketarako gaia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!