Eslovenia

Hogeita hamar urte bete dira independentzia aldarrikatu zuela; Jugoslaviari “hamar eguneko gerra” irabazi ostean. Azaleraz Euskal Herriaren tankerakoa da, 20.000 km2. Biztanleriari dagokionez, bi milioi pasatxo bizi dira, hemen baino milioi bat gutxiago. Neguko kirolak eta saskibaloia dira errege, baina azken urteetan ziklismoak eman dizkie poztasunik handienak esloveniarrei.

Ez da tradizioa duen herrialdea, baina azken boladan indartsu ari dira bertako ziklistak. Guztira, zazpi dira goi mailan edo World Tourrean ari direnak, eta bakarra bigarren mailan. Euskal herritarrak, ordea, hamaika dira. Gazteak eta eskarmentu handiko txirrindulariak ari dira lehian. Nabarmenenak, Pogacar, Roglic eta Mohoric. Lehenak bi Tour irabazi ditu jada, 22 urterekin, eta bigarrena hirugarren aldiz jarraian Vueltan gailendu da. 32 urte beteko ditu datorren hilean Roglak. Ezeren aurretik, kirolaria da eta hori etengabe erakusten du. Gauzak ondo  zein oker joan, aurkariarekiko errespetua agertu eta kiroltasunez onartzen du porrota. Unai Iturriagak idatzi, eta Rafa Ruedak Maddi Oihenartekin batera abesten duen Jira eta bira kantuarekin sarritan gogoratu naiz Roglic aurrez-aurre ikusi dudan bakoitzean. Psikologikoki indartsua behar du gizonak amore ez emateko. Iazko Tourra galdu zuen moduan galduta, eta aurten eroriaren ondoren, beste edonork lur jota amaituko zukeen. Ez aldiz Roglak. Jausi eta altxatu. Urteekin izotz zati izateari utzi dio eta jendearengana dezente gerturatu da. Dagoeneko, irribarrea duela erakutsi du, baita umore ona ere. Lasterketetan erasokorrago ageri da orain, baina denak errespetatzen ditu. Pelotoiak estimuan dauka esloveniarra. Bere palmaresaren laurdena ere ez duten askok eta askok eredu moduan hartu beharko lukete azken urteetako ziklistarik erregularrena. Denboraren poderioz nire kutunetako bat izatera iritsi da Primoz. Irabazten eta galtzen dakien kirolaria eta pertsona delako: “eta erortzean berriro jaiki, behin eta berriro, astiro-astiro...”

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!