Sarriegi entzuten ari gara ziklismo munduan, profesionalen artean batipat. Nahikoa dela iritzi dio batek baino gehiagok; jasangaitza egiten zaiola bizimodu hori, zinez ulergarria. Dena ez da urre goi mailako txirrindularitzan, asko eskatzen duen kirola delako. Alde batetik diziplina behar da eta bestetik pasioa. Umoretsu edo kopetilun, egun euritsu zein haizetsuetan lan saioa bete, eta burututakoa igorri behar zaio entrenatzaileari. Huts egiteko betarik ez dago; kontrola zorrotza da gero. Horri elikadurak hartu duen garrantzia erantsi.

Davide Cimolai italiarrak aitortu zuen, profesionaletara urratsa egin zuenean arazoak izan zituela. Pisua obsesio bilakatu zela (horrek dakarren desorekarekin) eta bizpahiru urte behar izan zituela egoera iraultzeko. Egun, nutrizionistek indarra hartu dute eta zorionez ziklistak hobeto zainduta daude. Aitzitik, denboraldia amaituta ere ezin dute gutiziarik izan. Gero, taldeek urte hasieran antolatutako egonaldiak daude; normalean bi edo hiru astekoak izaten dira. Ondoren, altueran egiten direnak gehitu behar zaizkio (beste hamabost egun), baita itzuli handietako ibilbidearen ikuskatzeak ere. Lehia hasi aurretik, ia bi hilabete etxetik kanpo. Behin sasoiari ekinda, egun apurrak izaten dira etxeko epelean.

Eta zer esan presioaren inguruan. Liderra izanez gero, hori jasaten jakin behar da. Talde eta egitura osoaren etorkizuna norberaren bizkar gainean. Psikologikoki astuna. Emaitzen arabera izaten dira laudorioak eta kritikak; dena da zuri edo beltz, ez dago grisik. Azken urtean egindakoak bakarrik balio du. Inork ez ditu kontuan hartzen egindako sakrifizioa, familiatik urrun emandako denbora luzea edo bidean izandako oztopoak. Kale edo bale. Irabazteak bakarrik balio du gizarte honetan, hamargarren egiteak ez. Makina perfektuak izan behar dira talde buruak ez ezik, gainontzeko taldekideak ere. Pasioa eta oreka psikologikoa ezinbestekoak dira aurrera egiteko. Honen aurrean, Tom Dumoulinek ere kitto esan du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!