Ezkondu ondoren, eta senarra ziklista izanik, kudeaketan lagundu zion taldeari. Gerora, egituraren ugazabak ezbehar bat izan zuen. Zezenari adarretatik heldu eta berak hartu behar izan zuen aginte-makila; bat-batean talde profesional baten jabe bihurtu zen. Bere lanbidea utzi, eta 25 urterekin buru-belarri hasi zen bere zeregin berrian. 1983. urtea zen. Milango bizikleta erakustazokara joan eta Gianni Motta ziklista ohia ezagutu zuen. Hizketan hasi eta bien asmoek bat egin zuten. Batak Europan lasterketak egitea zuen helburu, besteak Estatu Batuetan bizikletak saltzea. Honela, italiarrak bigarren babesle bat aurkitu eta egitura babestu zuen. Hori gutxi ez, eta 1984ko Italiako Giroan parte hartu zuen taldeak. Alabaina, lasterketan autoan joan ahal izateko baimena, antolatzaileek bozketa egin ondoren jaso zuen. Historikoa, ezen lehen aldiz, emakume bat zuzendari moduan aritu zelako gizonezkoen lasterketa batean. Denetik pairatu zuen. Ilea moztera ere derrigortu zuten inoiz. Sekulakoak eta bi entzun behar izan zituen; XX. mendeko txirrindularitza matxista. Aitzindaria izan zen Morton. Ia 40 urte geroago, Cherie Pridham britainiarrak hartu dio lekukoa. Orain arte, gizonezko kontinental mailako Virtus taldearen jabea eta zuzendaria izan da; 2021ean, berriz, World Tour mailako kirol zuzendaria. Emakume bakarra. Berdintasunerako urrats garrantzitsua, nahiz egituretako beste arlo batzuetan pauso hori emanda dagoen. Erabaki-guneetan parekidetasunera heldu beharra dago. Pridhamek dioen moduan, gaitasunak ez lukeelako generorik behar.