Galdera bat

Eguzkiak dir-dir egiten du; zerua urdin, oskarbi dago. Bizitasuna sumatzen dut barruan eta indarrez atera naiz etxetik. Prentsaurreko batera joateko deialdia jaso berri dut. Den-dena euskara hutsean; Euskal Herrian izanda, gauzarik ohikoena. Autoa hartu eta pozarren abiatu naiz.

Agerraldiaren tokira iritsi, eta guztiaren nondik-norakoaren txostena, euskara zuzen eta egokian idatzita eman digute bertaratutakoei. Batzuei muturra okertu zaie, egonezina adierazi nahian eta marmarka hasi dira. Hedabideen aurrera irten denak, lehen hitz batzuk gaztelaniaz egin ditu, kazetari batzuen haserrea baretu eta kontzientzia lasaitu guran edo. “Buenos días a todos, bienvenidos”, honela hasi du berbaldia. Ondorengo ele guztiak, hasi eta amaitu, euskaraz; osteko itaunak eta ihardespenak bezala. Hori bai, mahaitik altxatu aurretik beste keinu bat eskaini die mutur-okertuei: “Gracias a todos por haber venido”. Horietako batzuk aitaren batean gerturatu zaizkio, gaztelaniaz erantzunen bat bilatu nahian. Protagonistak baietz, hitzak eskainiko dizkiela baina di-da batean izan beharko duela, beti bezala, astirik ez duelako. Hiru galdera bakarrik onartu ditu. Galdetzaileak haserre joan dira; euren lana ezin izango dute behar bezala bete. Bigarren mailako kazetari sentiarazi ditu gertakariak. Hizkuntza ofizial bati iseka egitea eta beraiei trufa egitea iritzi diote. Aitzitik, nik neuk egin ahalko dut. Baina halako batean, iratzargailu baten txirrina entzun dut; nirea ote?  Zoritxarrez, horrela da. Ohetik jaiki, pertsiana igo eta euria barra-barra ari duela ikusi dut. Albo batera so, begirada ohe-mahaian dagoen liburu bati iltzatuta gelditu zait. Goizalde Landabasoren “Korte bat, mesedez” dakusat. Errealitatearekin topo egin dut, dena ametsa izan dela ohartu naiz. Berrogei urteren ondoren, kazetari euskaldunok amesgaizto bat bizi dugu egunero. Ruper Ordorikaren kantu batek esaten duen moduan “inork ez zidan esan, euskaldun izatea zein nekeza dan, hobe nuela hautatzea...”

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!