Azkenaren loria

Irabazleak hazten eta hezten ari gara; galtzaileak sortu beharko genituzke. Garaileek galtzen ez dakite, eta, horren ondorioz, arazoak sortzen dira”. Horixe esan zidan World Tour mailako talde bateko arduradun batek. Aitaren batean, Maglia Nera edo maillot beltzaren garaia etorri zitzaidan gogora. 1946tik 1951ra Italiako Giroan janzten zitzaion sailkapeneko azkenari. Aukeratutako kolorea faxismoarekin, Alkandora beltzekin lotuko du norbaitek; baina ez du zerikusirik. 1926an Giuseppe Ticozzelli futbolariak lasterketan parte hartzea erabaki eta Casale bere futbol taldeko kamiseta beltza erabili zuen. Bere omenez berreskuratu zuten. 40ko hamarkada amaieran preziatua zen maillot beltza. Zaleek dirua batzen zuten, gero azken sailkatuari emateko; identifikatuta sentitzen ziren. Lanaren eta sufrimenduaren ispilu. Hamaika trikimailu egiten ziren denbora galtzeko: jatetxeetan bazkaltzen gelditu, zaleren baten etxera bisitatxoa egin…Maglia Rosak eta Nerak zeukaten ospea.

Lehenak eta azkenak. Diru iturri paregabea zen. Luigi Malabroccak sona lortu zuen bi aldiz irabazita. Hirugarrena ez zuen lortu Milango helmugara bi ordu eta hogei minutura iritsita. Zain egon eta gero, aspertuta, epaileek alde egin zuten eta tropelaren denbora eman zioten. Sante Carollok eraman zuen loria. Azkenekoz, 1951n jantzi zuen ziklista batek. Hurrengo urtean, bere taldeak emandako 200.000 lirekin bizikleta etxe bat sortu zuen gizonak. Lasterketan azkena izanda, lanbide berrian lehena izatea lortu zuena: Giovanni Pinarello. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!