Moketa

Hitz honekin hainbat gauza datozkit burura. Bere erabilera oso errotuta dago Ingalaterran; hainbat lekutan ikus dezakegu. Hala hoteletan nola pub askotan, aitaren batean igarri dezakegu igortzen duen gozotasuna eta zer esanik ez, berotasuna. Aitzitik, beste toki batekin ere lotzen dugu: bulegoekin. Beste era bateko sentipenak sortzen dizkit horrek.

Makina bat dira nortasun gabekoak, hoztasuna islatu eta erabakiak hozkeriarekin hartzen diren guneak. Nago ni, ingurumaririk gabe, kirol jardunean emaitza onak lortzea baino garrantzitsuagoa dela habitat horretan bikain moldatzea. Delibero-gune horietan, lasterketa zein talde askoren etorkizuna izaten da jokoan. Gustukoa ez bazara edo bedeinkapenik ez badaukazu, jai duzu. Gaur egun, ekitaldi erraldoien aldeko apustua egin da herrikoien kaltetan. Txakur txikirik ez dagoela diote, baina ekintzek bestelakoa pentsatzera garamatzate. Tourraren irteera nagusia Bilbora ekarriko dute, munduko begi guztiak berari so eta eragin ekonomiko handiaren aitzakipean. Ez naiz diru kontuetan aditua, baina Utrechtek 15 milioi eta erdi euro gastatu zituen 2015ean, eta Dusseldorfek 12 milioi 2017an. Bere garaian, Londresek eta Edinburgok atzera egin zuten faktura zenbatekoa zen ikusita. Dirutza hori gure gizartean premia larrian daudenei bideratzea ez al da hobe? Moketako lasterketekin bainoago, asteburu askotan bidegurutzeak egiten dituztenekin nago, harrobia lantzen dutenekin. Urkiolako igoera iragana da, Udabarri klasikoak argi gorria piztuta darama. Moketa bako lasterketen hil kanpaiak entzuten dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!