Gu ere Zazpiak Bat gara. Frantziako Tourra puri-purian dabilen honetan zazpi euskal ziklista izan ditugu Bruselako hasieran. Mikel Landa arabarra, Imanol Erbiti nafarra, Gorka Izagirre gipuzkoarra, Romain Sicard lapurtarra eta Omar Fraile, Pello Bilbao eta Jonathan Castroviejo bizkaitarrak. Euskal Herriaren izena munduko lasterketarik handienean zabalduko dutenak. Ziklista preziatuak eta nazioarteko pelotoian ondo irabazitako estatusa daukatenak. Herri txikia gara, baina kementsua eta indartsua ere bai. Adibidez, Kolonbia txirrindulariak erruz ateratzen ari den momentu honetan, lau ordezkari soilik ditu hitzordu nagusian: Rigoberto Uran, Nairo Quintana, Sergio Luis Henao eta Egan Bernal. Atera itzazue kontuak.
Etorkizunera begira une erabakigarrian dago euskal ziklismoa. Belaunaldi hau amaitzen denean, aukerarik izango al dute atzetik datozenek? Duela ez gutxi, bazen euskal ziklismo zaleon taldetxo bat eta bere izena ezin egokiagoa litzateke amestutako egitura batentzat: Zazpiak Bat.