Asteon, abuztuan bizikleta eskegiko duen ziklista batek bizitzako beste lezio bat eman dit (beste behin). Goi mailako kirolaria, baina guztiaren gainetik pertsona. Nik neuk gehien kontuan hartu eta estimatzen dudana. Bizitzak eman dizkion kolpe latzei aurre egiten jakin duenari errespetua eta miresmena zor zaizkio. Hezkuntzan dagoela gakoa dio eta guztiaren gainetik errespetua zor zaiola jende guztiari; ahulenaren alde egitea dela bere leit-motiva. Hiru semeei hori transmititzen saiatzen da bere emazte Alaitzekin batera. Bikote benetan eredugarria. Biek bakarrik dakite zenbat une gogor pasatu dituzten elkarrekin. Etxe-zuriko balioak transmititzen asmatuko dutela ziur nago. Nire lanbideak eta txirrindularitzak eman didaten oparia izan da bera ezagutzea. Arrastoa uzteko ez baita irabazlea izan behar, bene-benetako ondarea pertsona onek uzten dutelako.
Ez naiz idolatra sentitzen, baina bat izatekotan bera aukeratuko nuke. Radio Basque, Ministro, Bitxo, Pirri, Etxe-zuriko Bizipoz… zaindu maite duzun hori.