Erabat txundituta naukate garai honetako lasterketek.Sortzen didaten zirrara deskriba ezina da. Historia luzea daukate gehienek, zirt edo zart egitekoak dira, horrek sortzen duen erakargarritasunarekin. Ez dago espekulatzeko betarik. Egun osoan egurrean, sama luze-luze eginda eta norberak babak eltzetik atera beharra. Helmugatik urrun oilarrak mokoka ikusteko aukera gutxitan izaten da.
Orain da klasikoen sasoia, eta zer esango dizuet… Hertzainaken “Zoratzen naizela” abestia datorkit gogora. Udaberriko loreen distira lez, horrela agertzen da ziklismoa sasoi honetan. Harelbeke, Strade Bianche, Flandriako Tourra, Paris-Roubaix, Tro-Bro Leon, Liege-Bastogne-Liege, Fleche-Wallone, Brabanteko Gezia… Amaitzeko, ostera, Italiako Giroa. Nire lasterketa kuttuna, Tourraren handikerietatik kanpo, zaleengana gehien heltzen den itzuli handia. Pasioa, historia, kaos ordenatua; uztaileko zirku mediatikotik eta futbolizaziotik kanpo. Dolomitak, Apeninoak, Toscanako muinoak, Abruzzoetako herri ezezagun dotoreak, hegoaldeko bizitasuna… Ezin hobeto datorkio Giroari bere abizena: Amore Infinito. Hiru hilabete hauek gozamen hutsa izango dira niretzat. Orain, abesten jarraituko dut, “zoratzen ari naizela, hasi naizela, zuganako amodioaren berri ematerakoan…”.