Iragana amets

Gure bizitza aurrera doan heinean, atzera begiratzeko joera izaten dugu noizean behin. Bi urte luze egiten dira; are gehiago epe horretan zorigaitza bidaide izanez gero.

Estimuan dudan ziklista batek hori izan du lagun. 2016ko martxotik mononukleosi batek jota izan da. Gorputza ahituta, eskailera bat igotzeko indar barik. Fisikoki zein psikologikoki hondoratuta. Esne mamitan dena da ederra; kameren argiek zuzen jotzen dutenean munduaren erdigune sentitzeraino iritsi daiteke eliteko kirolaria. Burbuila baten barruan bizi da une horretan.

Aitzitik, kirolaren alde gogorrena datorkionean mundua erortzen zaio. Une zail horretan konturatzen da mundu honetako gizaki arrunta dela. Eta gaizki, oso gaizki pasatzen du guzti-guztia barneratu eta gainditu artean. Sarri ez gara jabetzen. Pertsonak dira eta laguntza behar izaten dute. Hori bainoago, maitasun beharrean izaten dira. Orduan begiratzen dio atzera kirolariak. Nor izan naiz, zer egin dut; eta iraganarekin amets egiten hasten da. Gogorra behar du jausi, altxatu eta berriro erortzeak. Ahazteko hiru denboraldi izan dira. Zeruak eta infernuak bat egin duten unea. Baina Rafa Ruedak eta Maddi Oihenartek abestu, eta Unai Iturriagak idatzitako hitzek dioten moduan “…eta erortzean berriro jaiki, behin eta berriro astiro-astiro…” Orain altxatu da eta zerua zabaldu zaio azken aukerarekin. Berak bakarrik daki zenbat sufritu duen. Zure esku dago Perlita, “…eta erortzean berriro jaiki, behin eta berriro astiro-astiro, baina erori ez denak ez daki…” 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!