Uztaila

Hilabete berezia izan ohi da beti oporraldietako lehenengoa. Kirola egitea gustuko dugunontzat, urteko garairik ederrenetakoa izaten da. Lagunekin aurrez prestatutako bidaiari ekin aurretik, goizean goiz furgonetan bizikletak eskegitzerakoan sentitzen dena kitzikagarria da.

Ilunpetan irten, autobidean sartu, lagunartean barre-algaraka joan eta eguneko lehen kafea toki ezezagun batean hartzean, berehala ohartzen zara oporrak hasi dituzula. Eta zer esanik ez, pentsatutako lekura iritsi, kuloteak, maillota eta oinetakoak jantzi eta bizikleta hartzerakoan. Pirinioetako eta Alpeetako aldapatzarrak igo eta norberaren buru-estimua puzten ari dela sentitzeak ez dauka preziorik. Ez eta ondorengo freskagarriak edo pastak ere. Kanpinera jaitsi osteko solasaldiak ere gogoangarriak dira. Jan-edanean, ordu-txikietan pasadizoak kontatu, bakoitzaren jakituria erakutsi eta zalantzaren bat dagoenean internetek apustuak egiteko beta zapuzten duela jabetzen zara.

Hau guztia bizitzeko parada ematen duten erantzuleak, ordea, hiru astean zehar errepidean kilometroak egiten dabiltzan ziklistak dira. Are gehiago esango nuke, errudun nagusiak euskal txirrindulariak dira. Gaur egun ez dugu talderik, baina bai ordezkatuko gaituen zortzikote bat. Egitura ezberdinetan barreiatuta, beraiei so egongo gara. Aspaldiko partez, podiumera igotzeko aukera du Mikel Landa artistak, denoi ilusioa piztu digun ziklistak. Larunbatetik aurrera begiak telebistako pantailara iltzatuta edukiko ditugu, orduan hasiko da-eta Frantziako Tourra, txirrindularitza lasterketarik handiena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!