Animalia hau bizia da oso. Ugaztuna, ikusmen bikaina ez ezik, entzumen ona ere badu. Berrehun metrotik entzuteko gaitasuna dauka. Baina berezitasun handiena bere azkartasuna da. Lursail batean geldi egon daiteke, aurrean daukana zaindu eta zerbaitek ikara sortzen badio, ziztu bizian korrika ateratzeko.

Horrela aritzen dira, abiadan, hainbat eta hainbat ziklista. Esprinterrak izaera berezikoak dira, orduko 70 kilometroko abiaduran nor baino nor gehiago aritzeko, adorea baino gehiago behar delako.

Gogoan daukat, zazpi urte nituela, telebistan lehen aldiz nire herriaren izena entzun nuela. Espainiako telebista publikoan izan zen, Vueltako etapa baten harira. Bartzelonan amaitu zen saioa “el ciclista de Abadiano”-k irabazi zuen. Hori entzutean, harrotasun puntua sentitu nuen, ez baitzen ohikoa norberaren herria kanpoko hedabide batean aipatzea. Zuri-beltzean dastatu nuen garaipenak zeharo liluratu ninduen. Herriko txirrindulariak, Trinchella italiarra eta Eulalio Garcia espainiarra azpiratu eta ondorioz, jaioterriaren izena goian jarri zuen. Berrogei urte beteko dira datorren maiatzaren 6an. Ziklismoarekiko harra orduan piztu zitzaidan eta oraindik ez zait itzali. Gorpuzkeraz handia, hanka luzeak bezain gihartsuak, ikustekoa zen haren indarra pedalei eragiterakoan. Besteak beste, Kas, Super-Ser eta Teka talde handietan aritua, berrogei garaipen eskuratu zituen ibilbide profesionalean. Estimatua eta maitatua pelotoian, gaur egun urrearen balioa izango zukeen “Lebarijjoko erbijjek”; hori da-eta Javier Elorriagaren goitizena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!