Haurra telebistari so dago. Besaulkian eserita, geldi, bere osotasunean bertara iltzatuta  balego bezala. Begiek dir-dir egiten diote. Ez du kliskarik egiten, bisaia aldiz, ikustekoa. Pantailan agertzen den txirrindulariak liluratuta dauka.

Burua lanean hasi zaio eta aurrean dakusanak ametsetan hasteko beta eman dio. Berak ere ziklista izan nahi du. Balentria itzelak egingo ditu nagusiagoa denean. Aldapan gora bere dohainak mundu guztiari erakutsiko dizkio eta bere burua Parisko podiumean amesten du.

Bere onera itzuli eta arrapalada batean gurasoenganako bidea hartu du. Bizikleta bat nahi du, baita kaskoa eta maillota ere. Gurasoen harridurarako, haurrak temati jarraitzen du.  Zein taldetako maillota nahi duen itaundu ondoren, euskal talderen batena gura duela ihardetsi umeak. “Baina ba ote euskal talderik profesionaletan? Euskaltel-Euskadik utzitako hutsunea norbaitek bete al du?” Gurasoen ezjakintasunaz jabetuta, haurrak berehala argitu dizkie zalantzak. “Euskadi izena daraman talde bat badagoela entzun dut”. Aita-amak apeta betetzeko prest daude eta maillota oparitzeko lanean hasi dira.

Norbaitek esan die bat ez, bi talde direla soinean Euskadi izena daramatenak. “Nola da posible? Gure herri txiki honetan bi egitasmo? Zein hautatuko dugu? Berdea ala laranja?” Egoak eta ezin-ikusiak dira gaitz nagusiak. Ez al da posible batak bestearen lana onartu eta bidean bat egitea? Edo, euskal selekzioaren hutsunea beteko duen talde indartsu bakarra eratzea? Haurraren ametsa egia bilakatzea, egun, utopia bat dela deritzot.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!