Nostalgia

Ez naiz batere nostalgikoa. Are gehiago, ez dut uste nostalgiarekin aurrera egin daitekeenik. Baina zer esango dizuet. Frantziako Tourra puri-purian zela, horixe sentitu dut.

Landa, Nieve eta Castroviejo ikusita sasoi bateko Euskaltel-Euskadi eta laranja kolorez zipriztindutako errepide bazterrak etorri zaizkit gogora. Euskal selekzioa ez, baina horren hutsunea betetzen zuen taldea zen. Euskaldunok, Pirinioetan eta Alpeetan harrotasunez erakusten genion gure nortasuna eta izaera munduari.

Egun, egitasmo horren amaierarekin, xanpainaren aparra bailitzan,  behera egin du egoera horrek. Ez dira betiko garai onenak euskal txirrindularitzarentzat. Elitean talderik ez, profesionaletan gero eta ordezkari gutxiago, eta txarrena dena, behetik datozenek aterik zabaltzen ez dela dakusate.  Azken urteetan irauten dihardu gure txirrindularitzak. Egunetik egunera okerrera egin du egoerak. Aitzitik, badirudi azkenean ispiluaren aurrean jarri eta zuzen heriotzaraino ez joateko erabakia hartu dela. Jauzia egin eta bigarren mailan aritzeko deliberoa hartu du Euskadi-Muriasek. Olatu laranjatik, esperantza berdera. Ez dago ilusio faltsurik. Infernuko atean egon ostean, zeruko atea zabaldu zaie euskal txirrindulari gazteei. Itzulian, Vueltan edo etorkizunean Tourrean euskal talde bat ikusteko aukera izatea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Telebistaren aurrean Mikel Landari so iltzatuta nagoen bezala, talde berdearekin ere egon nahiko nuke; zoratzen naizela.   

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!