Adin horretara iritsi da Emakumeen Euskal Bira. Euskal Herrian egiten den emakumeen txirrindulari lasterketa zaharrena eta Europako zaharrenetakoa. Urrun gelditzen da 1987. urtea.
Zoritxarrez, ordutik ez dira gauzak asko aldatu emakumeentzat. Gizarteak ez du behar besteko aurrerapenik egin berdintasunean eta parekidetasunean. Emakumeen kirolak urratsak egin ditu, baina oraindik ez du merezitako oihartzunik lortu. Gizonezkoen beste prestatu arren, ordaina herena baino gutxiago izaten da. Horren errudunak hedabideak eta kazetariok ere bagara. Mea Culpa oihukatu beharrean gara ozenki. Merezi eta behar duen laguntza guztia eman behar diogu, bere garaian Iurretako Txirrindulari Elkarteak hartutako erabaki ausartari. Munduko txirrindulari onenak gure errepideetan bertatik bertara ikusteko aukera gutxi izaten ditugu. Datorren astean, gure Itzuliaren lekuko izango gara. Izarren distira inoiz baino indartsuagoa izango da. Van Vleuten, Asleigh Moolman-Pasio eta Santesteban gure etxean izango dira. World Tourra amets, bertan dugun altxorra zaindu, ureztatu eta sustatu beharra daukagu. Nork egingo du bestela?