Dena ez da urre

Izar distiratsuz betetako mundua dela eta urre-bitsetan bizi diren ustea hedatua dago. Aitzitik, badira lanaren truke sosik jaso ez, edo lan egiteagatik ordaindu egiten dutenak. Urteak joan, urteak etorri, hori guztia gertatzen da txirrindularitzaren hirugarren mailan.

Ezegonkortasuna eguneroko ogia da. Mundu iluna da kontinental maila. Txirrindulari gazteek profesionaletara jauzi egiteko duten ilusioaz baliatzen dira asko eta asko. Beraien ametsak aitaren batean zapuzten dituzte bihotz gabeko ugazabek. Kontratu bat sinatu eta profesional izango direla agintzen diete. Amua irentsi eta umetako ametsa beteta dakusate. Profesional moduan lehen pedalkadak eman orduko, ordea, amesgaizto bihurtzen zaie. Taldearen inguruan berririk ez. Ziria sartuta, amaitu dute profesionaletako ibilbidea.

Beste batzuei dirua eskatzen diete lekutxo bat egiteko. Ordaindutako kopuruarekin tokia eta soldata daukate. Are gehiago, txirrindulariren batek mantenuaren truke eskaini du bere burua.

Beste batzuei gertatu izan zaie asegururik izan ez eta etxerako bidea hartu behar izatea. Zortea lagun dutenek segurantza soziala eta soldata daukate. Batzuek hamahiru mila euro gordin urtean, beste batzuek hogei mila euro. Askorentzat, urrea diamantearekin. Errealitate gordina Portugalen, Txilen edo Marokon. Ez baita gauza bera maila profesionalera jauzi egitea edo profesionaletara egitea. Urre-bitsetan bizitzea gutxi batzuren esku dago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!