Portugaletik Iruñeko ospitalerako bidaia inori ez ziola opa esan zidan. Ez zuela ordu haietaz gehiago gogoratu gura. Otoz-otoan, aho bilorik gabe, Tourrerako eta Olinpiar Jokoetarako prest egoten ahaleginduko zela esan zidan. Lau hilabete gogor izango zirela, baina kemena eta adorea soberan zituela. Ezin nuen sinetsi. Ia elbarri gelditu, eguneroko bizitzarako osatzea nahikoa ez, eta erronka galanta jarri zion bere buruari. Fisikoki ez ezik, psikologikoki ere ez baita erraza egoerari buelta ematea. Aitzitik, Castro ezagutzen dugunok badakigu kemena soberan duela. Ez da geldirik egotekoa. Inguruan dituenak bakarrik jakingo dute zenbat sufritu eta eman duen berriro bizikleta gainean profesional gisa aritzeko. Esan eta egin. Ekainean Suitzan itzuli, eta abuztuan Rion laugarren sailkatu zen. Lau segundogatik kendu zion brontzea Froomek. Gazitik hasi zuena, gozotik amaituko du sasoia. Europako txapelketako urrea garaipen bat baino gehiago da eta.
Guztiontzako lezioa.