Bueltan

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Arabiourrutia Obregon

Amaitu dira oporrak, amaitzear da uda eta hasita dago jada ikasturte berrirako proposamen zein helburu berriei heltzeko gogoa. Hasieran dena da presa, dena ondo egiteko nahia… zenbat iraungo ote du motibazio horrek? Sasoi arraroa izaten da/zen hau. Zen diot, pilotari garaia ekartzen didalako burura: entrenamenduen antolaketa, lan fisiko gogorreko garaia, motibazioa gainezka, helburuak…

Bada, orain, pilotari garaia albo batera utzita dut buruan egunotan. Kasu honetan, kiroleko beste esparru batetik, baina: antolatzaileenaretik. Hasi da 2026/2027 denboraldia, eta, gure kasuan, Kepa Arroitajauregi zenaren omenezkoarekin; ondoren, txapelketa probintzialak etorriko dira eta honek ez du etenik izango datorren urteko ekainera arte. Asteburuero izango dira partiduak Abadiñoko Tornosolo trinketean; jokamolde, sexu eta adin guztiak pasatuko dira bertatik. 

Bueltan izango dira ere Durangaldeko trinketlariak, bakoitza bere ibilbidearekin, bakoitza bere helburuekin, bere buru-hausteekin. Hala nola Asier Aspuru (denetan beteranoena), Jon Arana eta Iker Escamez abadiñarrak; Ibai Arroitajauregi iurretarra, Gorka Otaduy berriztarra, Luken Atutxa garaitarra… Pixkanaka-pixkanaka bada ere, belaunaldi aldaketa gertatzen ari da hemen ere, nahiz eta orain hamarkada batzuk baino kantitate askoz ere urriagoa izan.

Amaitzeko, aipatu beharra daukagu ere aurten bueltan daukagula Munduko Pilota txapelketa; Argentinan jokatuko da, urriaren 15etik 24ra. Kasu honetan ez da buelta izango, debuta izango da Euskal Selekzioarentzat Munduko txapelketa ofizialean. Euskal ordezkaritzak ez du modalitate guztietan errepresentazioa izango, azken ziklo honetan ez baitu punturik lortu; hala ere, hau gutxienekoa izango da, selekzioaren ibilbidea hasi besterik ez da egin eta. 

Beraz, hastear den denboraldi berrian, trinketean eta eskualdeko pilotariekin gozatzeko aukera izango dugu. Zorte on guztioi!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!