Bada, Durangaldeko lau pilotarik munduko txapeldun izatea lortu dute apirilean Argentinan jokatutako Joko-zuzenen pilota txapelketan. Lau pilotari hauek Egoitz Amantegi abadiñarra, Lier Arrien zornotzarra, Ainhoa Ruiz de Infante otxandiarra eta Ibai Arroitajauregi iurretarra izan dira.
Joko zuzenak pilota modalitate zaharrenak dira, Euskal Herrian azken urteetan izan den bultzadaren ostean errekuperazio fasean daudenak eta Europako zein munduko beste txoko askotan jokatzen direnak. Esan dezakegu euskal selekzioaren aurkari nagusiak valentziarrak, herbeeretarrak eta belgikarrak direla, oro har. Euskal pilotaren historia, oinarri eta sustrai dira joko zuzenak, Euskal Herriko kirol eta kulturaren ondare preziatua. XIX. mendearen erdialdean paretaren kontra jokatzen hasi zirenean, garrantzia galtzen joan ziren ia desagerpen puntura iritsi arte. Gaur egun Joko zuzenetan 500 pilotari baino gehiago ari dira praktikan Euskal Herrian, modu ofizialean.
Berbagai ditugun modalitate hauek gehiago ezagutze aldera, hauexek izango lirateke modalitate bakoitzaren ezaugarri orokorrak:
- Aurrez aurre ipinitako bi pilotari talde aritzen dira, bi zatitan banaturik dagoen eremu batean. Ez da paretarik erabiltzen, haren laguntzaz pilota bueltatzeko ez bada.
- Talde batek besteari botatzen dio pilota (eskuz edo tresnaz), eremua erdibitzen duen marra edo sarea gaindituz, kintzea egin artean.
-Kintzeka eta jokoka zenbatzen dira tantoak: 15-30-40 eta jokoa.
Espero dezagun hau bide polit baten hasiera besterik ez izatea eta etorkizunean horrelako emaitza bikain gehiago izatea. Zorionak pilotariei eta selekziokide guztiei, bejondeizuela!