Ez dadila haria eten

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Arabiourrutia Obregon 2026ko urtarrilaren 30a

2025. urtea amaitu zen eta geldiezina den elur bola bezalaxe, 2026. urtean sartu gara. Egunerokotasunean buru-belarri murgilduta bizi gara, momentu batez bada ere gelditu eta atzera begiratu barik.

Urte hasiera trinket unibertsoan daukagun txapelketa ospetsuenaren finalarekin bat datorkigu urtero, SUPERPRESTIGE txapelketarekin alajaina. Ezker paretan eskuz-banakako lehen mailako txapelketarekin alderatu dezakegu eta aurtengo txapelduna Peio Larralde izan da. Aurrelari hazpandarrak laugarren aldiz lortu du Donibane Garaziko Garat trinketean jokatzen den Superprestige txapela.

Azken hamarkadan, Durangaldeko pilotari bik izan dute beraien meritu osoz txapelketa entzutetsu hau jokatzeko aukera: Mikel Gonzalez berriztarrak eta Asier Aspuru abadiñarrak. Aipatzeko datua iruditzen zait azken hau, Bidasoa ibaiko mugako alde honetako oso pilotari gutxik lortu baitute Superprestige txapelketaren hogeita hamabi ekitaldietako batean parte hartzea. Meritu osoz lortu zuten gonbitea, Iparraldeko zirkuituan ez baitute inongo oparirik egiten, eta hegoaldetik doan pilotari orok meritu bikoitza egin behar izaten du bertako pilotari eta txapelketa zirkuituan sartu ahal izateko, are gehiago Superprestige txapelketan.

Zer esan nahi dut honekin guztiarekin? Ba pena handia litzatekeela hurrengo urteetan Durangaldeko edo Bizkaiko pilotaririk bertan ez izatea eta orain arte bizirik iraun duen haria etetea. Etorkizunean Asier Aspuru edo Mikel Gonzalez berriak sortzeko lanean jarraituko dugu, hauek errelebo sendoa izan dezaten eta gazteek trinketean beraien pilotari ibilbidea garatzeko aukera izan dezaten. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!