Kepa Arroitajauregi memoriala

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Arabiourrutia Obregon 2025ko urr. 24a, 08:00

Beste urte batez Kepa Arroitajauregi memorialaren amaierara heltzen gabiltza. Aurtengoa VI. ekitaldia izaten ari da eta pixkanaka-pixkanaka Hegoaldeko trinket zirkuituan egonkortzen ari den txapelketa dela esan dezakegu.

Gaur bigarren finalaurrekoak jokatuko dira eta hurrengoko barikuan, urriaren 31n, final handiak. Hemendik, finaletara joateko gonbidapena egiten dizuegu.

Paleta gomazko txapelketa azken urteetako onenetarikoa izaten ari da, bikote mistoek berezitasun puntu bat ematen diete norgehiagokei eta kontraste politak ikusten dira jokoan. Halaber, set-en sistemetara jokatzeak emozioa areagotu egiten du eta parekotasunari laguntzen dio. Oraingoz, faboritoak ziren bikoteak kanpoan geratu dira eta ikusi behar zeintzuk heltzen diren finaletara.

Eskuzko modalitatean, arazo gehiagorekin gabiltza antolakuntzakook. Nahiz eta pilotariak denboraldia hasi besterik ez duten egin, ugariak dira jokatzen ari diren txapelketa zein partiduak, eta denetara heltzea ezinezkoa da. Partidu kopuru handi hauek, gainera, eskuetako arazoak ekartzen dituzte, eta Keparen omenezkoa eskuz banakako jokamoldean jokatzen dela kontuan izanik, eskuak ondo edukitzea berebizikoa da. Hala ere, arazo hauei guztiei aurre eginez, finalean Durangaldeko pilotari bat izatear gaude, hain zuzen ere azken denboraldian goraka nabarmen egiten ari den Ibai Arroitajauregi iurretarra. Finalerako azken urratsa emateko partidua gaur izango du, 18:00etan, Nafarroatik datorren Gaizka Okarizen aurka. Bien bitartean, zain da finalean Jon Jara hernaniarra. 

Zorte on denoi eta onenak irabaz dezala!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!