Federazioen arteko txapelketa

Beste urte batez, hasi da federazioen arteko pilota txapelketa. GRAVNI izenez ezagutzen dugun txapelketa oso ospetsua da pilota munduan. Bertan, federazioek beren kapazitatea eta kirol-potentzia frogatzen dute besteen aurrean, eta federazioetako kirol arduradunentzat oso txapelketa baliotsua da bakoitzaren gaia neurtzeko. 

Dozenaka txapel izango dira jokoan ezker pareta eta trinketeko modalitateak kontuan hartuta, asteburuero-asteburuero izango ditugu partiduak maiatzeko lehenengo asteburuan finalak jokatu arte. Trinketeko modalitatean, Durangaldeko hainbat pilotari ditugu Bizkaiko selekzioarekin parte hartzen eta txapelak lortzeko borrokan, hala nola Asier Aspuru abadiñarra, Igor Paskual zaldibartarra, Ibai Arroitajauregi iurretarra eta Luken Atutxa elorriarra. Hauek denak esku-huskan parte hartuko dute. Zorte on denei!

Hala ere, aurten arazo dezente izan dira txapelketa aurrera ateratzeko. GRAVNI txapelketan Gipuzkoa, Errioxa, Araba, Bizkai, Nafarroa eta Iparraldeko federazioek parte hartzen dute, eta azken boladan Espainiako pilota federazioak eta Euskal Herriko pilota federazioak ofizialtasunaren harira izandako aferagaitik, Errioxako eta Nafarroako federazioen parte-hartzea kolokan izan da azken momentura arte Espainiako federazioaren mehatxuengaitik. Badirudi urak baretu direla (momentuz, behinik behin) eta txapelketa jokatzeko ez dutela arazorik izango, baina ikusi behar zelan igaroko den amaitu arte. Bitartean, pilotaria galtzaile, beti bezala.

Berdin du pilota enpresa handia izan edota pilotari amateurra izan, esku huskan aritu edota palan… azken asteetan berri txar asko izan dira: Innpala enpresa eta berau osatzen duten palisten etorkizuna nahiko beltza ikusten da, Iker Elizegi pilotariari ez diote BAIKO enpresan kontratua luzatu eta erabaki honen harira enpresak izandako jarrera nahiko itsusia plazaratu da, binakako lehen mailako txapelketan Aitor Aranguren atzelaria azken jardunaldian kanpoan uzteko erabakia… eta honi guztiari Nafarroako eta Errioxako pilotarien ezinegona GRAVNI txapelketarako gehitu behar zaio. Argi dagoena da, pilotarion batasunik barik, goiko estamentuen interesak gailenduko direla eta inoiz baino behar gehiago dagoela batasun honetarako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!