Euskal pilota selekzioa

Euskal pilota selekzioaren inguruko eztabaida dagoenetik, beti entzun izan dut izugarrizko kontraesana dela "gurea" den kirol batean euskal pilota selekzioak talde moduan parte hartu ezin ahal izatea. Eta hau horrela izan eta esanda, hala da. Baina honek hausnarketarako parada sortu dit eta galdera batzuk sorrarazi. Besteak beste: "gure" horrek "noren"-a esan nahi du?

Badakigu jatorria zein den eta gure kulturan zeinen errotuta dagoen euskal pilota… baina Euskal Herrian bertan bada pilota maite ez duenik, eta are gehiago, ikusi izan dut Mexikon, Bolivian, Txilen eta beste herrialde batzuetan euskal pilota guk beste maite duenik ere, eta zergaitik ez da izango "horiena" ere euskal pilota?

Gauzak horrela, bi alderdi desberdinduko nituzke arlo honetan: batetik, euskal pilota maite dutenak (euskaldun izan edota ez izan, eta ez naiz ni hemen hasiko kirol honekiko bakoitzak duen maitasuna epaitzen), eta bestetik, euskal pilota selekzioa maite eta honekin batera ofizial izatera bultzatzen dutenak. Eta azken honekin lotuta, aipatu edota hobeto esanda, goraipatu beharra daukat orain bi aste (ekainaren 29an) euskal pilota eta euskal selekzioa maite duten hainbat pertsonak egin zuten ekitaldia Hendaiako (Lapurdi) Ugarte Beltzenia pilotalekuan. Euskal selekzio ofizialaren aldarria egin zuten eta frantziar zein espainiar pilota selekzioei uko egin zioten hainbat pilotariri babesa adierazi bide batez. Euskal Herriko Euskal Pilota Selekzioaren Aldeko Mugimenduak deitutako ekitaldian, selekzio horiekin aritzeari uko egindako hainbat pilotari eta pilotari ohi batu zen, besteak beste.

Amaitzeko, eta esandakoaren ondorio modura, esan nahi dudana da “gurea” izateak edota gurean errotuta dagoen kirola izateak ezin duela ofizialtasunerako argumentu solido bat izan, beste kirol gehienak ez baitira “gureak”, eta hauek ere Euskal selekzioaren ofizialtasunaren bidean ezin ditugu gutxietsi.  

“Gure” horren gainetik beste gauza batzuek egon behar dutela deritzot; eta ez dakit euskal pilota gurea zenbaterainokoa den, baina argi daukadana da Hendaian batu zen pilotari eta pilotazalea bai dela “neurea”, eta hauek bai maite dituztela Euskal pilota zein GURE EUSKAL PILOTA SELEKZIOA.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!