Pilotaria bere bakardadean

Sekula ez naiz izan oso mitozalea edo figura ezagun bat mirestekoa, baina, Eskuz Banakako Txapelketan bete-betean gauden honetan, aitortu behar dut asko baloratzen ditudala kirol indibidualetan lehiatzen diren kirolariak.

Urte luzez izan dut esku pilotako buruzko buruko partiduetan parte hartzeko aukera, eta enpatia asko dut kirolari “bakarlariek” norgehiagoka horietan sentitzen dutenarekin, izan pilotariak, tenislariak zein boxeolariak.

Kirol munduan beti bereizi izan dira kirol indibidualak eta taldekakoak, eta ez ditut lerro hauek erabiliko bata bestearen gainetik jartzeko, besteak beste, ez naizelako nor. Hala ere, uste dut desberdinak direla oso bata bestearen aldean, eta, jarraitzaile moduan, kontuan hartu behar ditugula. Esku pilotaren txapelketa nagusia da Eskuz Banakakoa. Fisikoki, agerikoa da partidu gogorragoak direla. Adibidez, pilotariak ez du bikotekiderik lana banatzeko, eta zaindu behar duen espazioa handiagoa da. Baina esango nuke mentalki are gogorragoak direla: kontzentrazio maila handiagoa eskatzen dute buruz buruko partiduek, horrek dakarren estres eta higadura fisikoarekin.

Beste era batera esanda, pilotariak bi aurkari ditu buruz buruko partiduetan: aurkaria eta bere burua bera. Izan ere, banakako lehiaketetan errazagoa da edozein momentutan dinamikaz aldatzea edo, aldagai txiki bat medio, norgehiagokak buelta ematea. Aldagai txiki hori izan daiteke bakardade sentsazioak dakarren ikara, eta horrek eragiten dituen kontzentrazio falta eta pentsamendu negatiboak.

Gehienetan, pilotariak ondo ezkutatzen ditu bere barneko sentimendu eta sentsazioak partiduan zehar, baina horixe da, hain zuzen ere, Banakako Txapelketaren magia: hor ikustea pilotaria bere bakardadean, bere miseria eta bertute guztiekin, bi aurkariak menderatzeko gai izango ote den galdezka.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!