Gaur egun, pilota edota txirrindularitza bezalako kiroletan, ohikoa bihurtu da 22 edo 23 urterekin maila profesionalera iritsi ez den gazteak ofizio bihurtu ez duen afizioa lagatzea. Baina, zer esan nahi du horrek? Ordura arte egindako guztia soldata bat lortzeko baino ez duela egin? Lortu ez duen soldata horrez gain, ez dagoela erakargarria zaion ezer?
Orain ez urte asko, pilotan esaterako, ohikoa zen afizionatu mailan 30, 32 edota 35 urte baino gehiagoko pilotariek jokatzea: horietako batzuk profesionaletan ibili ostean birkalifikatu eta pasio berarekin aritzen ziren; beste batzuk, ordea, profesionaletara iristerik ez, baina urte askoan txapelketaz txapelketa eta frontoiz frontoi aritzen ziren. Horrek, gainera, balio erantsi bat ematen zion afizionatu mailari, hainbat belaunalditako jendea aritzen baitzen, lehia sano eta oparo bat sortzeraino.
Orain, ordea, pena ematen dit gizarteak kirolari profesionala baino ez mirestea. Izan ere, badira hainbat pilotari, nahiz eta astebururo telebistan ez agertu, behar beste baloratzen ez ditugunak. Asko aldatu dira gauzak denbora gutxian, eta uste dut kirola ikuskizun profesionaletik haratago doan zerbait bezala ikusi beharko genukeela, belaunaldi berriek afizioa ofizio bihurtzeko aukera gehiago izan dezaten.