Bada, badira hiru urte pasatxo euskal pilotari hainbeste eman zion Kepa Arroitajauregi joan zitzaigula, eta ni azken aste hauetan atzera begira nabil. Atzera begiratzen dut, eta euskal pilotaren munduaren egoera desberdin bat ikusten dut. Jende askoren lanaren ondorioz, euskal pilotaren esparrua handitu egin zen ezker hormaz aparte. Izan ere, trinketeaz, bote luzeaz eta one wall-a bezalako modalitateez gozatzeko aukera dugu egun, “ezker-hormazentrismoa” ahazteko momentu batez bada ere.
Kirol ibilbideak gero eta arinago hasi eta telebistak zein berehalakotasunak agintzen duten garaiotan, mometu aproposa iruditzen zait euskal zaleon panoramika zabaltzea eta medio nagusi eta hegemonikoetatik seinalatzen digutenaz haratago ikustea. Horregaitik, positiboa iruditzen zait azken denboran zesta-puntak izandako gorakada, trinketa Hego Euskal Herrian hartzen ari den lekua eta bote-luzea bezalako jokoak gero eta ezagunagoak izatea zaleen artean.
Eta izan z(ir)elako jokatuko da gaur IV. Kepa Arroitajauregi Memorialaren finala Abadiñoko Tornosolo trinketean, eta izan z(ir)elako da ere BIZKAIA taldea Euskal Herriko Bote Luzeko egungo txapelduna, joan den asteburuan finala irabazi ostean (zazpigarren urtez jarraian izan da BIZKAIA txapeldun). Segi dezagun, beraz, euskal pilotaren alde lanean, nondik gatozen sekula ahaztu gabe.