Udaberriaren aldeko apologia egin dut beti. Maite dut argia, koloreak, loratzea, bizipoza. Aurten, aldiz, inoizko epeltasun ederrena hartzen diot negurako bide honi, etxean goxo egoteari. Asteburu goizetan ohean mantapean ahal den gehien luzatu. Arropa eroso, antiestetiko eta beroenak jantzi. Txikiarekin kantuan eta jolasean orduak pasatu. Sofa-filma-manta fenomenoa. Etxea.
Kalean, aspalditik, gaia maiz entzuten bagenuen ere, azken asteetan agendaren lehen lerroa hartu du etxebizitzaren aferak. Pil-pilean dago gaia, eta eguneroko kezka da askorentzat. Gurasoen etxetik alde egin nahi eta ezin duena. Beste zortzi lagunekin etxea partekatzen duena. Partekatutako etxebizitzatik ihes egin ezin duena. Soldataren ehuneko handia etxebizitzara bideratzen duena. Hilez hile eusten diona. Hor dira eskuratzearen zailtasuna eta alokairua bilatu eta eustearen ezinegona.
Etxe bat ez da lau horma eta sabaia. Ez, behintzat, hori bakarrik. Babesa da etxea. Oroitzapenak, oraina eta etorkizuna. Amesteaz haratago eraikitzea. Duintasuna.
San Martin egunean soldata duinaren alde, pentsio duinaren alde eta etxebizitza duinaren alde greba egingo dugu. Putre funtsen eta espekulatzaile handien kontra. Baina baita, horren urrutira joan gabe, inguruan etxebizitza soziala prezio egokian erosi eta egun, “merkatua nola dagoen ikusita” aitzakiapean, prezio handian saltzen duten horren kontra. Edo lehen etxebizitza ederra ordaintzeko bigarren etxebizitza xumea alokairu desproportzionatuan duten horren kontra. Handira eta txikira borroka. Bata zein beste, azaroaren 11n egin dezagun txarriboda.