Etzi

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Zabarte Narbaiza 2026ko uztailaren 3a

Gauzatxoak da Whatsappean nire buruarekin jarduteko sortuta dudan taldearen izena. Oharrak, irudi, artikulu interesgarriak eta egin beharren zerrenda amaigabeak elkartzen dira bertan. Azken horiek leku majoa hartzen dute, eta normalean ez dira hutsetik hasten. Aurretik dagoen lista hartu, kopia-pega egin, zeregin berriak gehitu, bat edo beste ezabatu eta bidali. Ttak, berriro ere, hortxe dago zerrenda.

Oro har, lana, errekaduak, militantzia, norberaren kontuak, opariak eta hamaika eginbehar pilatzen dira zerrendan: urliaren urtebetetze erregalua, sandiari bidali beharreko mezuaren abisua eta berendiarekin geratzeko betebeharra. Horiek lehenak, atzetik: kartelaren diseinua, telefono konpainia aldatzea, etxean dauden hauts bolak kentzea, apunteak ordenatzea, dentistarenerako hitzordua hartzea eta artelan itxura hartua duten leihoak garbitzea. Edozer. horien arteko harremana, bakarra, zereginaren jabea: zu zeu.

Tartean, badaude azkar desagertzen direnak; zorionez, gainerakoekin batzerik ez duten betebeharrak; gustukoak, egiteko errazak, arinak, atseginak. Aldiz, badira zerrenda betikotzen dutenak: astunak, gogorrak, gorrotatzerainokoak. Zama bihurtzen diren horiek, eta gero eta pisu handiagoa hartzen dutenak. Burmuineko atzeko paretan iltzatuta geratzen diren horiek, euli nazkante bat legez. 

Prokrastinatzea deitzen zaio horri, gizakiaren joera irrazionala diote. Izan ere, jakin badakigu egin egin behar dugula, baina nahiago atzeratu. Nahiz eta jakitun izan albo kalteak biziko ditugula. Gaupasaren bat lana bukatzeko, plan bati uko egin behar izatea, txantxarra eta mina eta erdipurdiko lan baten entrega, adibidez. 

Latinetik dator hitza, procastinare. Ondo zekiten horiek zein zen, eta izango zen, gizaki askoren joera; ezen, hori gutxi ez, eta perendinare, perendinatu ere hiztegiratu zutela. Biharko ez, gauzak etzirako uztea, hain zuzen.

Osasun mentalaren alde, nahiko nuke beste ohitura batzuk hartu; hala, edozeinen gomendioren zain geratzen naiz. Bitartean, perendinatzen jarraituko dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!