Haurrentzako arropa erosteko orduan ere, denda batean edo bestean –fisikoa zein online– sartu, eta beixa da nagusi: kolore apalak. Are nabarmenago egiten zait jostailuak ere horrelakoak izatea; kolore bako bola-igerilekuak, adibidez. Kolorerik gabeko jolasak. Instagrameko ama influenzerrek erakusten dute hori: etxe zuri garbiak, guztiz jasotakoak eta desordenarik gabekoak; zikintzen ez diren haurrak eta jostailu kamuflatuak. Ni neu ere erori. Badut asko beixetik, pareta zuri eta beixak, eta egurra eta natura objektuekin apaindutako gelak. Erretiratu nituen ezpainetako gorriak, eta kolore asko janztekoa izan ez banaiz ere, armairua ireki eta dexente epeldu da urterik urte kolore-paleta. Gero eta muturrekoagoa den gizartean, itzali dira koloreak; klariona, harea, perla, oloa eta krema dira nagusi. Eremu neutrala, lasaia, erdikoa, azkurarik eragiten ez duena; ez deitu atentzioa, ez nabarmendu; ez ezkerra, ez eskuina. Koloreak baino ez direla badirudi ere; horiek izan dira geure aldartearen isla, geure izaera erakusten dutenak, geure aldarrikapenak eta geure izaera kolektiboa. Ematen du egun kolorea pertsona arraroentzako, zoroentzako bihurtu dela; agian, berreskuratu beharko genituzke geureak.