Doceta etxeko nerabea zen Teresa, eta Belana etxeko Siscorekin -Francisco- maitemindu zen. Garai hartan gertatu ohi zen eran, familia ziren, lehengusuak. Hori ez zen oztopo izan beraien maitasun istorioarekin jarraitzeko, harik eta egun batean ezkontzeko erabakia hartu zuten arte.
Elizatik ezkondu nahi zuen bikoteak, baina senidetasuna tarteko, apaiz katolikoak diru kopuru jakin bat eskatzen zien zeremonia aurrera eramateko: odoleko dispentsa, 25 pezeta. Batzuek diote dirurik ez zutela; beste batzuek, aldiz, ez zutela ordaintzerik nahi. Bata ala bestea, ez ziren ezkondu, baina beraien harremanak aurrera jarraitu zuen eta bi seme-alaba izan zituzten.
Pneumonia batek jota, gazte hil zen Teresa, 33 urte zituela. Apaiz berak uko egin zion haren gorpua hilobiratzeari. Izan ere, ezkondu gabe bi seme-alaba izan zituen, bekatuan bizi zen Teresa, eta lur bedeinkatuan lurperatzea profanazioa zen apaizaren esanetan.
Bauseneko bizilagunek, berriz, lurperatu eta agur duin bat emateko nahiaz hilerri zibil bat eraiki zioten 24 ordutan. Egun, 110 urte ditu. Harrizko hormek inguratzen dute hobia, harlauza batez eta erlijio-ikurrik gabe zera du inskribatuta: “Ene Teresa maiteari 1916ko maiatzaren 10ean hil zena, 33 urte zituela. Ama maitea.”
2020. urtean kultura-intereseko izendatu zuten hilerria, eta urte beretik daukagu guk hilerri berri bat herrian. Teresarena baino dexente handiagoa da hau, 140.000 metro karratu, eta atzean duen istorioa ez da ederra. Sei urte igaro diren honetan, bertan jarraitzen du Joaquin Beltranen gorpuak harrapatuta. Interesek astindutako albisteen nahaspilan ibili da auzia azken asteotan. Ea ba, berandu baino lehen, benetan argitzen diren egiazko erantzule eta erantzukizunak. Ez dadila ahanzturan erori.