33 urte, arin esaten da. Urtea betetzear egongo nintzen 1992ko udazken hartan. Txikitatik ikasi genuen bertan ibiltzen, jolasten eta gozatzen. Tabernari fin izaten ikasi dugu, edo hala moduz barran moldatzen. Zenbat esku.
Antolatzen eta militatzen ikasi dugu bertan. Bilerak egiten, konpromisoak hartzen, amets txikietatik gauza handiak sortzen. Zelo, pintura, pankarta eta kartel artean galdu gara barruko gelan. Kuadrillarekin elkartzeko lekua izan da, eta bada egun askorentzat. Lagunekin joan, berriak egin eta nahastekoa. Barre egin dugu bertan, negar, haserratu eta emozionatu.
Amnistiaren aldeko Olentzero, txintxon eta mus txapelketak, bazkariak, bingo musikatuak eta ke arteko bilerak. Haurrentzako jolasak, pegatina erakusketak, hauteskunde gogorrak eta garaipen handiak. Afari mexikarrak, italiarrak, sandwichak, takoak eta denetarikoak. Pintxo lehiaketak. Goizalde-arteko julepadak. Ekitaldiak eta kontzertuak. 20. urteurreneko postre “pozoitua” eta ondorengo ondoezak. Miaketak eta ‘libre eta zabalik’. Lagun ezkutuak. Zortzi orduko kontzentra. Santamañezarrera igoerak eta pelikula emanaldiak. Luntxak, terraza eta eguzkitakoak. Hitzaldiak eta liburu aurkezpenak. Joan zaizkigunak oroitzeko omenaldiak. Preso eta iheslarien aldeko urtezahar gaueko brindisak eta trikipoteoak. Globo eta kamiseta laranjak. Auzolana.
Ikasi, hasi, hezi, gozatu, mozkortu, ligatu eta milaka bizipen gordetzen dituen etxea. 33 urteetan igarotako tabernariak, domeketako txandalariak, afarienak, jaietakoak, barrakoak eta garbiketak. Bertara zerbait hartzera doazenak, edo bertan orduak pasatzen dituztenak. Denok egiten dugu Castet, denongatik dago libre eta zabalik. Segi bertara joaten. Ea ba horrela, egin ditzala beste hainbat urte.
Zorionak eta gora Castet!