Itzuli

Etxetik medikuarenerako bidea egin dut oinez, gutxi gorabehera 250 metro izango dira. Bidean hamabost bat kartel ikusiko nituen, akaso gehiago. Denetarik eta denetariko publikoari zuzenduta, sinadura ugari. Horietatik, aldiz, gutxi euskara hutsean. Itxarongelan, medikuak nire izena noiz esango zain, mugikorra hartu eta Instagrama ireki dut. Perfilak eta kanalak kuxkuxeatzen ibili naiz gora eta behera, batetik bestera jauzi egin eta bideoak, kartelak eta hauen postak, azalpenak begiratuz; hemen ere hainbat aurkitu ditut eta harrituta nago, ezin ulertuta nabil.

Ez da ezer berria, baina sentsazioa dut gero eta gehiagotan, gero eta sarriago ikusten direla. Hemen adibide batzuk:

12:00etan - a las 12:00 Liburutegi zaharrean - Antigua biblioteca. Zunbatoi solidarioa -  Zumbatón solidario. Zorionak/Felicidades. Jardunaldiak /Jornadas Apirilak 20 / 20 Abril

 Zer ari zaigu gertatzen? Zergatik dena itzultzeko beharra?

Zaldibartarren % 55 euskalduna da eta % 18 ia euskalduna. Suposatu dezakegu D ereduan ikasi dutela askok, beraz, adin batetik behera denek jakingo dutela euskaraz; beti ere, azken boladan kanpotik etorritako pertsona ez bada. Beste era batera esanda, adin batetik gorako pertsona batzuk izango dira euskaraz ez dakitenak, eta seguruenik beraien familietan egongo da euskaraz badakienik. % 28,18 da erdalduna. Kopuru majoa da, zalantzarik ez. Baina hauetatik zenbatek ulertuko dituzte oinarrizko hitz, kontzeptu eta esaldi batzuk? 

Hainbat arrazoi entzun ditut dena itzultzearen beharra justifikatzen: publiko zabalago batengana iristeko, “eskubideak” bermatzeko, errespetuagatik, haserretu ez daitezen… Baina, ez al gabiltza aurrera beharrean honetan ere atzera egiten? Akaso gehiago saiatu beharko ginateke interesa pizten, motibatzen, euskaldunak ahalduntzen eta ez dakitenei saiakera txiki bat egiteko eskatzen. Beldurraren edo konplexuen izenean ez dakit ez ari garen pixka bat burua galtzen hasi. Joera ikusita, gaztelania hutsean ikusiko ditugu laster kartel eta argitalpenak, eta lasai asko irakurriko ditugu euskaraz daudelakoan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!