Ez da ezer berria, baina sentsazioa dut gero eta gehiagotan, gero eta sarriago ikusten direla. Hemen adibide batzuk:
12:00etan - a las 12:00 Liburutegi zaharrean - Antigua biblioteca. Zunbatoi solidarioa - Zumbatón solidario. Zorionak/Felicidades. Jardunaldiak /Jornadas Apirilak 20 / 20 Abril
Zer ari zaigu gertatzen? Zergatik dena itzultzeko beharra?
Zaldibartarren % 55 euskalduna da eta % 18 ia euskalduna. Suposatu dezakegu D ereduan ikasi dutela askok, beraz, adin batetik behera denek jakingo dutela euskaraz; beti ere, azken boladan kanpotik etorritako pertsona ez bada. Beste era batera esanda, adin batetik gorako pertsona batzuk izango dira euskaraz ez dakitenak, eta seguruenik beraien familietan egongo da euskaraz badakienik. % 28,18 da erdalduna. Kopuru majoa da, zalantzarik ez. Baina hauetatik zenbatek ulertuko dituzte oinarrizko hitz, kontzeptu eta esaldi batzuk?
Hainbat arrazoi entzun ditut dena itzultzearen beharra justifikatzen: publiko zabalago batengana iristeko, “eskubideak” bermatzeko, errespetuagatik, haserretu ez daitezen… Baina, ez al gabiltza aurrera beharrean honetan ere atzera egiten? Akaso gehiago saiatu beharko ginateke interesa pizten, motibatzen, euskaldunak ahalduntzen eta ez dakitenei saiakera txiki bat egiteko eskatzen. Beldurraren edo konplexuen izenean ez dakit ez ari garen pixka bat burua galtzen hasi. Joera ikusita, gaztelania hutsean ikusiko ditugu laster kartel eta argitalpenak, eta lasai asko irakurriko ditugu euskaraz daudelakoan.