Hilketa, bortitza izateaz gain, sekula ez zen argitu; imajina dezakegu emakumeenganako indarkeria estrukturalaren ondorioetako bat izan zelako gerta zitekeela hau ere. Erailketa matxista oroituz, akatsetatik ikasi eta berriro gerta ez daitezen pausoak ematen hasi gaitezke bi emakume hauek gogora ekarriz. Horrela, oroimenera ekarrita, Mikaela Arizmendiarrieta eta Carmen Landari zor diegun duintasuna itzuli diezaiekegu.
Neure buruari galdetzen diot sarri, ea zenbatek izango zuten herrian hilketa honen berri eta zergatik ez den iritsi jenerazioz jenerazio gure historiaren parte izatera. Ezin uka sasoiak aldatu egin direla, gainera asko, eta ez dela berdina halako gertaera bat egun, edo duela 85 urte. Egun hitz egin, salatu eta kalera ateratzen garen bezala, orduan isilik mantenduko zen akaso.
Erailketa matxistak direnean kalera atera ohi gara eta mobilizazio zein elkarretaratzeak egiten ditugu. Memoria idatziz eta landuz egiten da, gogoratuz eta publiko eginez. Horretarako, ahanzturan geratu ez daitezen helburuarekin, Dominika Talde Feministak eskaera egin zion udalari duela bost urte. Eskatu zion bi emakume hauen izenak herrira itzultzeko; hala, herritarrek –nerabe, gazte, zein helduek– Zaldibarren izandako gertakizun krudel eta ankerra gogora ekarri eta bi emakume hauen izenak herriko oroimenean txertatzeko.