Urte berri on

Tabakoa utzi. Gutxiago edango dut. Kirola egiten hasiko naiz. Aurten spinning, total body, yoga, hitt edo stretching. Astean hirutan gutxienez kirola. Mendi gehiago. Eskalatzen hasi. Pisua jaitsi. Gimnasiora! Kolesterola zaindu. Parranda gutxiago. Irakurtzen hasi. Gehiago irakurri. Idazteari ekin. Eguneroko bat eduki.

Kalera gehiago irten. Lagunekin gehiago egon. Bigarren umea. Etxean denbora pasatu. Astean behin izarak garbitu. Egunero ohea egin. Familiarekin egon. Etxe bat erosi. Gurasoen etxetik alde egin.  Zorrak kitatu. Aurreztu, aurten bai! Itsulapiko batean egunean bi euro edo soberan ditudan txanponak sartu. Itsulapikoa erosi. Bidaia bat egin. Gehiago bidaiatu. Ahal den urrunen bidaiatu. Kapritxo bat edo beste. Kapritxo gastronomikoa. Astelehenetik ostegunera etxean afaldu, edo astelehenetik asteazkenera, eta baita domeketan ere. Asteburuan egun bat bakarrik kalean afaltzeko. Zaintzen hasiko naiz. Domeketan aste osoko jatekoak prestatu, batch cooking. Azukrea kanpora, fruta barrura. Kafe gutxiago, infusio gehiago. Ikasten hasiko naiz. Master bat. Bigarren karrera. Oposizioak. Aurten ikasketarik gabeko urtea, relax. Dena lehenengoan gainditu. Ingelesean matrikulatu. Alemana ikasi, edo frantsesa. Proiektu pertsonal berriari ekin. Josten ikasi. Zeramika. Instrumentu bat jo: trikitia, gitarra, bateria, pianoa. Musika talde bat sortu. Kontzertu gehiago eman. Ohiturak aldatu. Niretzako denbora hartu. Autozaintza gehiago. Mugikor gutxiago, pantaila gutxiago. Whatsappa murriztu, deiak ugaritu. Atsedena. Bikotea bilatu. Bikotearekin amaitu. Meditatzen hasi. Mindfulness. Lana bilatu. Lan hobeago bat bilatu. Zoriontsu bizi.

Anbotorako idatziak aurrez prestatu, edo gutxienez pentsatu. Burura datozkidan ideiak apuntatu, zerrendatu, idatzi. Zezenak ez nazala berriz harrapatu. Hala izaten dira batzuetan, eta batzuentzat, hasierak eta erak. Erronka pertsonalez beteriko gurariak. Urte berri honetan zerrendatik zenbat? Urtez urte zenbat esan, eta zenbat bete? Asmo berri on!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!