Plastikozko kalabazak, mozorro pila bat, armiarma sare itxurako oihalak eta gauza beldurgarriak. Jai yanki honen hedapena ikaragarria izan da azken hamarkadetan. Baina zabalkunde handi eta azkarrak ekarri du gurera ere konturatzea, edo gogoratzea, gurean ere ospatzen zela Arimen gaua edo Gau beltza.
Herenegun bertan, osabak esana, duela 65 urte inguru kalabazak lapurtzen zituzten ortuetatik. Hauek hutsitu, aurpegi itxura eman eta kandelak jartzen zizkieten. Zaldua Plazatik San Andres auzorako bidean, errepidean zehar jartzen zituzten. Asmoa, kotxean pasatzen zirenei sustoa ematea zen, eta noski, ea gidari batek edo bestek kalabazaren bat aurretik eramaten zuen ikustea. Ume bihurriak.
Zaldibar Berbarik Berba liburuan ere aipatzen da Arimen gaua: "Domusantu arratzaldien aste sien il kanpayek, il kanpaik joten sittuen, eseuen es erromeridxaik eta es, e, famelidxako at il baletxikixu moruen da, gurien gero galdu da ori, bañe nire amama, neure amama bixi sanien, ipintte ben ixotute lanparillie, gabien, da arimen gabera pasau arte etzan amatetan a, selako oitturak".
Seguru asko, zaldibartar nagusi batzuek akorduan izango dituzte oraindik halako oroitzapen bat edo beste. Inguruko herrietan bada berpizkundea. Kalabazak, izara zuriak, antzerkiak, kandelak, ipuin kontaketak eta heriotza. Otxandion, Mañarian, Durangon, Berrizen, Elorrion, Iurretan. Gurean, momentuz, mozorroak eta halloween. Ea ba datorren urtean Zaldibarren Arimen Gaura hurbiltzen garen.