Euskadi Irratia piztu dut egunero legez. Egunean zehar maiz entzuten dut. 08:00etako eta 10:00etako albistegiak entzun ditut gaurkoan. Gai nagusia: AHT. Atzo ere honi buruz zebiltzan. Nafarroa eta Autonomia Erkidegoaren arteko lotura. 08:30eko elkarrizketa politikoaren zati bat entzuteko aukera izan dut: Eider Mendoza, Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatu Nagusia: “Ezkio-Itsason egitea da eraginkorrena”. Pradalesek astean esan duen bezala, “herri honentzat estrategikoa da proiektu hau”. Diru kontuez ere hitz egin dute, 1.700 miloi, edo 1.200 milioi, astakeria. Zenbat urte ezertarako balioko ez duen tren honen bueltan? Zenbat baserri eta lur? Zenbat diru publiko? Eta zertarako? Haserretu naiz.
Haserrea edo ondoeza, gorputza jota dut, ez dakit zer den. Hori bai, medikuarenera joateko ideia burutik pasatu ere ez zait egin. Zaldibarren gutxienez bi hilabete egongo gara medikurik gabe. Medikurik gabe! Eta hori gutxi ez eta Elorriora joan behar dugula? Nola joango gara Elorriora? Konexio zuzena jarri dute bertara ala? Ba ez. Durangora autobusa edo trena hartu beharko du medikuarengana joan behar eta kotxean joateko aukerarik ez duenak, eta, ondoren, Elorriora beste autobus bat. Ez al da ba herri guztietan medikua eta erizaina egotea oinarrizko eskubidea? Berrizen ere, hiru medikutik bakarra. Abuztuan zehar eskualdeko herri batzuetan medikurik gabe egun batzuk. Eta abar, eta abar.
Pradalesek hasieratik esan du bere lehentasunak osasuna eta etxebizitza direla. Ez dakit ba nik propaganda hutsa ez ote diren. Hitzek ez dute balio ekintzetan islatzen ez badira. Medikurik gabe Zaldibarren, eta ez gara herri bakarra izango. Oraingo honetan ere azpiegiturak garaile, bizitzak galtzaile. Irudi berria, baina lehengo lepotik burua.