Bere gorputza gorroto du Maddik. Iazko udalekuetan munstroa zirudiela esan zioten egonaldiko bi mutil popularrenek. Udaberriko epeltasunaren sintonian, badaki lagunekin herriko igerilekuetara joateko sasoia iristear dela. ‘Munstroa dirudizu’ esaldia du iltzatuta. Ez du arroparik kendu nahi jendearen aurrean. Oparitu berri dioten mugikorrari begira pasatzen du denbora. Sareetan ageri diren nesken irudiei begira. Bere tripari begira. Neskei begira. Bere gorputzari begira. Neskei begira. Bere gorputz itsusi, lodi, zatar eta gorrotagarriari begira. Esaldi hura entzun arte, inoiz ez du bere gorputza zatarra eta lodia den irudipenik izan.
Pi pi pi piii. Jo du iratzargailuak beste egun batez. Begi bat zabaldu orduko hasi du erlojuaren kontrako eguneroko borroka. Oinez joan ohi da lanera. Garraio publikoan egoten den jende pilaketek antsietatea sortzen diote. Gorroto du lana. Lana eta lanera joan behar izate hutsa. Youtubeko bideoak ikusten pasatzen du eguna bulegoan. Artista da lanaren tranpan, sistemaren burlan. Lanaz gain, lankideak ere gorroto ditu. Dena da friendly, coworking eta after work drinks. Botagura. Orfidalak jan eta museoak bisitatuz, ironiaz eta umorez bizi da Marisa.
Plazera da errealitatetik ihes egitea. Azken asteetako lagunak dira hiru hauek. Hamaika mundu bizi daitezke. Barre eta negar egin. Beldurrez izoztu eta pozez lehertu. Beraien bizitzaren parte izan eta sentitu. Enpatizatu eta faltan bota. Zein gozagarria den irakurtzea.