Hiru hiru

Konturatu gabe eman diogu beste itzuli bat eguzkiari. Horrela hasi nuen duela urtebete Anboton idatzitako lehenak. Eta hemen gaude, bai zu eta bai ni, urtebete gehiago aldean, urtebete zaharrago. Jesu Kristoren adina deitzen zaiona beteko dugu urte berri honetan laurogeita hamaikan jaiotakook. Dena ondo bedi, bizitzaren herena pasata. Zimur batzuk gehiago, begi zuloak sarriago eta ilea urdintzen. Batzuek jada azken hau galdu badute ere. Hogeita hamahiru urte. Hiru hiru. Bizi zikloen dantzan, batzuen begiz heldu, beste batzuenetan ordea gazte. Beti gazte.

Aroz marraztua dago bizitza. Etapa bakoitzak bere denborak ditu, nahiz eta hauek ere moldatzen diren, edo aldatzen dituzten. Boomer txikle bat bezala luzatu eta zabaltzen ari dira sasoi batzuk, gaztetasuna kasu, eta aro batetik bestearekiko aldea gehiago zikintzen, nahasten.

Kategoria sozial handia du gaztaroak, gaztetasunak, gazteak. “Gu gaztiek ga” entzun ditut berrogeiak aspaldi pasata dituztenak ere. Gaztea denak zein ez denak, denek nahi dute gazte izan. Aldiz, norbaiti buruz hitz egiterakoan pertsona zaharra dela esatea ez dago begiz ondo jota batzuetan. Hala dator gero paternalismo hutsetik “gure zaharrak” eta hauen infantilizazioa.

Gaztetasunari mugak jartzea gero eta konplikatuagoa da. Gazte izatea, batzuen aburuz adin kontua baino jarrera kontua da, sentimendu bat. Lotzen da indarrarekin, edertasunarekin, dena posible ikustearen ilusioarekin, borrokarekin. Beti gazte izatea zer ote da? Adinaren kontrako borroka? Heldutasunari beldurra? Gazte izatearen nahiak, baina, ahaztu egiten du gazteen bizi egoera prekarioa. Hauen lan baldintza txarrak, etxebizitza arazoa eta abar luze bat.

Aurten hiru hiru, hogeita hamahiru. Gaztea ez banaiz ere indar eta gogo handia dut bizitzeko, gozatzen jarraitzeko, borrokan segi eta ume baten ilusioz aurrera egiteko. Ez da gazteen eta gaztetasunaren aurkako idatzia, baina zergatik ez heldutasunaren aldeko apologia pixka bat. Bakoitza bere lekuan, ez dugu ezer kalte. Urteko azken bertso saioan Nerea Ibarzabalek kantatutakoa gogora: “...gazte zaharrak ez dira hain moderno, listo, eta azkarrak amaitu zirenetik laurogeita hamarrak”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!