Sarraskia

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Zabarte Narbaiza 2023ko urr. 20a, 08:28

Lanera bidean irratian entzun dut zalantzak direla ea nork bota duen misila, nork bonbardatu duen Gazako ospitalea iragan iluntzean. Ehunka hildako eragin dituen sarraskia. Hamaika kontu esan ditu Israelek: Jihad Islamikoa izan dela, Hamasi ere egotzi dio egindakoa, esan du aparkalekua bakarrik izan dela bonbardatua eta abar, eta abar. Batek daki lerro hauek idazten nabilen bitartean zer esan eta zer gerta daitekeen gatazka honetan. Bidenek berak, gertakaria izan eta gutxira Israelera iritsita, hala iradoki du hauen bertsioa hobetsiz “ematen du erasoa beste bandoak egin duela”. 

Hamasen biolentzia aitzakia hartuta altxa da Israel bere herriaren defentsan eta badirudi justifikatuta duela egiten ari den guztia. Eta horrela, beste behin, Mendebaldetik palestinarrak terroristak. 

Biralizatu egin da iazko urrian Ursula Von der Leyenek, Europako Batzordeko presidenteak, Errusiak Ukrainari egindako erasoari buruz esandakoak: “Negua hurbiltzen ari den honetan, gizon, emakume eta haurrei ura, elektrizitatea eta berogailua moztea helburu duten egitura zibilei eginiko erasoak izu-ekintza hutsak dira”. Entzun al diegu hauei Ukrainan bezala gerra-krimenez hitz egiten? Noiz arte Mendebaldearen zurikeria sarraski honen aurrean? Badakigu, palestinarrek ez dute tratu bera jasoko. 

Europako gobernuek denerik egin dute Palestinarekiko elkartasun keinuak debekatu eta ezabatzeko. Alemaniak, Frantziak eta Erresuma Batuak Palestinaren aldeko manifestazioak debekatu dituzte. Gure herrialdean, besteak beste, Ipuruan Palestinaren bandera atera zuen zale bat kaleratu dute. Eta ez da ezer gertatzen. 

Gerra bat dagoela esan digute. Baina gertatzen ari den hau gerra hutsa baino askoz gehiago da. Israelgo Gobernuak Palestina eta palestinar oro desagerrarazi nahi ditu. Hil. Garbiketa etnikoa. Anikilazioa. Genozidioa. Eta ez da duela bi aste hasitako kontua. Gutxienez 75 urte daramatzan zapalkuntza da. Jasanezina da. Euskal Herriak jakin izan du Palestinari elkartasuna erakusten eta oraingoan ere ez du ez ikusiarena egingo. Badago aukera hiri, herri eta auzoetan egiten dabiltzan deialdietan kaleak hartzeko. Tartean, Donostian zapaturako deitu duten manifestazio nazionalean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!