Txupina jaurtitzerako jantzi da herria, jantzi dira udala eta tabernak morez, erasoen aurkako aldarriez hain zuzen. Pegatina eta txapa moreak non-nahi. Nor ez da egun erasoen aurka eta aldarri feminista baten edo besteren parte egin?
Urtez urte gauzatu, sendotu eta landu dugu erasoen aurkako protokoloa. Herriko taberna eta txoko desberdinetan banatu dugu eta ahal den neurrian oinarriak finkatzen saiatu gara. Urterik urte beldurrari aurre egiten, urterik urte ahalduntzen lan egin eta urtero izaten dira erasoak. Zaldibarren, Durangaldean edota Euskal Herrian. Amaitzen ez den istorioa, erasotzaile berriak sortzen jarraitzen duen gizartea. Herentzia gaitza.
Aurtengo lanketa ezberdina izan da eta ez zentzu onean. Erasotzaile bat tartean. Akaso jaietan ez du eraso egingo, baina aurretik egin du, behin baino gehiagotan. Egoera honetan justizia patriarkalak hartu ez dituen neurriak tarteko jai hauei begirako neurri zorrotzagoak hartu behar izan dira. Justizia honek mesede egin dio eta hala erasotzaile bat gure espazioetan egoteko aukera zabaldu da. Amorruz betetzen nau egoerak. Erasoa jasan duena al da bere espazio naturaletatik alde egitera behartuta egon behar duena?
Zenbat eta babes neurri gehiago pentsatu, orduan eta gehiago haserretzen naiz. Erasoak ez dira kasualitatez gertatzen. Erasotzaileak daude eraso bakoitzaren aurrean. Eta sarri konplizeak alboan. Erasotzaileek ez dute atsedenik hartzen eta jaietan are erasotzaileago bihurtzen dira. Jai hauetan aske gozatu nahi dugu eta denon ardura da eroso eta aske egongo garen espazioak sortzea, taberna, txosnagune, gaztetxe, plaza eta kale bazter guztietan. Beraz, erasoren bat ikusten baduzu edo norbait deseroso dagoela badakizu, hartu kargu eta ez izan konplize. Eta egoten ez badakizu, ez etorri!