Nire bueltan garagardoa da nagusi, baina ardo zuria ere egon ohi da. Pitilingorriak eta kalimotxoa hurbiltzen dira uda giroan. Poteoa gutxituta ardoa ere joan zaigu, baina bazkari batean inoiz ez da faltako urteko ardoa, lanbruskoa edo kriantza on bat.
Eguenetan pintxopotea, barikuan astebukaera iritsi dela, zapatuan zapatua dela eta domekak, “domeka alaiak” bihurtu direlako herrian. “Astearte zoroak” ere izan ziren duela urte batzuk. Edozein izen, edozein aitzakia gure tarteak alkoholez bustitzeko.
Giro batean edo bestean denerik edan dezaket. Txakolina poteoan, plata o plomo edo tekila txupitoa festa giroan, Josemariak udako egun beroetan, baina orokorrean garagardoa izaten da nire aukera.
Azkenaldian, kontuak kontu, eta ez beti, alkohol bakoa edaten hasi naiz. Batzuetan mosto txiki bat edo freskagarri bat ere. Arraroa da. Eta arraro begiratzen dizute. Adina eta sexua kasu, haurdun ez nagoela azaldu behar izan dut. Galderak erantzuteaz gain, azalpenak emateko beharra sentitu dut. Lehenengo bati eta gero besteari. Gutxinaka. Kontatu dut inguruan orain zergatik edango dudan alkohol gutxiago. Justifikatu dut eta noski, besteen onarpena bilatu. Ez ditut galderak jaso bakarrik egin, nik ere egin ditut. Aurrekoan lagun batek bere tripa arazoak azaldu behar izan zizkigun infusio bat eskatu zuelako, kasik medikuaren diagnostikoa ateratzera iritsiz.
Ez da zalantzan jarriko batek alkohol asko edaten badu. Garagardotik kalimotxora pasatzen bada, segundo batez zalantza egin baina listo, pasa da. Baina alkohol bakoa edo bestelako freskagarri bat eskatuz gero, keinu eta begirada arraroak egiten ditugu eta nahi gabe ere zalantzak eta galderak plazaratu. Azalpenak, argudioak eskatu. Gizartearen presioa, baina zergatik? Bakoitzak egin dezala nahi duena eta ez dezagun azalpenik eskatu, mesedez.