Beste itzuli bat

Konturatu gabe eman diogu beste itzuli bat eguzkiari. 2022ari atea itxi eta abiatu gara 2023. urte berri honen bidaian. Gabonei, atseden egunei eta lagun eta familia giroan goxo egoteari agur esan diogu. «Erretzeari utziko diot», «goizetako pintxoa kenduko dut», «kirola egiten hasiko naiz», «familiari denbora gehiago eskainiko diot». Ilusioz eta motxila bete proposito, motxila bete plan eman ohi diogu ongi etorria urte berriari. Baina bizi garen mundu anglosaxoi honek ez du denborarik galtzen bere intereseko makineria kontsumista martxan jartzeko. Merkealdien jarraian badator Blue Mondaya, urteko astelehen tristeena izango da datorren urtarrilaren 16a.

Oinarri zientifikorik gabeko ikerketa baten arabera, urteak dituen 365 egunetatik egun tristeena da urteko hirugarren astelehena. Antza denez, marketina du jatorri Blue Monday delako honek. Komunikazio agentzia batek sortutako ideia da. Ikerketa pseudozientifiko bat oinarri hartuta zabaldu zuen mezua. Ideia argia da: tristeziari aurre egiteko egin ezazu bidaia bat. Beste behin ere kontsumorako aitzakia berri bat sartu nahi digute buruan. Astelehena tristea izango dela, denetan eta tristeena, horrenbestez zerbait egin behar dugu horri aurre egiteko. Kontsumitu.

Gurean, esango nuke, oraindik ez dela asko entzuten eta ez dagoela oso zabaldua Blue Monday delako hau. Hala eta guzti, helduko da zaparrada telebistan, irratian, dendetan eta Amazon bezalako multinazional handietan. Makineria guztia prest kontsumitzera bultzatzeko. 

Aldiz, nahiko Blue Monday dugu mundua. Amazoneko langileen greba, borrokan diharduten metaleko langileak, Pablo Gonzalez eta haren senideak, gasoleoaren eta elikagaien prezioen gorakada geldiezinak. Emantzipatu ezinean dauden gazteak, langabezia, muga harresi dutenak, egunerokoan poltsikoari begira justuan bizi diren milaka herritarrak eta abar dira triste. Hala molda dezagun tristezia, bilakatu dezagun hasarre eta kontsumitu beharrean borrokatu egin beharko genuke. Herriko sarreran dagoen pankartak dioen moduan, Borroka Urte Berri On!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!