Izurtzako EAJk Aroa Gonzalez Uriarterengan jarri du berriro konfiantza, 2027ko udal hauteskundeetarako alkategai izateko, alderdi jeltzaleak ohar batean azaldu duenez. 20 urteko esperientzia du zinegotzi moduan. Hautagai jeltzalearen ustez, herritarren eguneroko bizitzan benetako hobekuntzak ekar ditzaketen jarduketei "lehentasuna emateko unea iritsi da". “Urte asko daramatzagu gauzatzen ez diren konpromisoak entzuten. Izurtzak aurrera egin behar du, eta horretarako erabakiak hartu, eskumena duten erakundeekin elkarlanean aritu eta gure herriak benetan behar duenari erantzungo dioten irtenbideak bilatu behar dira”, adierazi du Gonzalez Uriartek.
Etxebizitza, proiektuen ardatz nagusietako bat
Etxebizitza izango da bere proiektuaren ardatz nagusietako bat. “Izurtzan bizi ahal izateko aukerak sortu behar ditugu. Gure zerbitzuak mantendu eta herriaren etorkizuna bermatu nahi badugu, biztanleriari eustea eta herria haztea ahalbidetu behar dugu. Eta horretarako, ezinbestekoa da etxebizitza berriak sustatzea”, defendatu du hautagaiak.
Bere beste lehentasunetako bat herrigunea zeharkatzen duen BI-623 errepidean segurtasuna hobetzea eta trafikoaren eta herritarren arteko bizikidetza erraztea izango da. Gonzalez Uriartek "zalantzan jarri du" jarritako semaforoen eraginkortasuna eta eskumena duten administrazioekin batera "biribilguneak eraikitzeko aukera" aztertzea proposatu du, "zirkulazioaren abiadura moteltzeko eta trafikoak udalerrian duen eragina murrizteko".